
Arabatik jauzia eginda, alboken notek jai giroa ekarri dute
Kultura Lea Ibilbidea lehenengo, probalekua gero, eta frontoia ostean: Euskal Herriko alboken bilgunea izan da Gizaburuaga, euripean.
larraitz ibaibarriaga
Sei notek askorako ematen dute. Horixe geratu zen agerian atzo Gizaburuagan, Euskal Herriko 7. Albokari Topaketan.
12:00etan bilduta, Lea Ibilbidea hartu zuten hango eta hemengo albokariek. Hantxe jo zituzten eguneko lehenengo fandangoak, jotak, arin-arinak, porrusaldak eta zortzikoak. 20 minutuk askorako eman zuten: Bengoleako Errotaren paisaia ederraren lekukoak izateko ere bai.
Hamaiketakoa egiteko hartu zuten tartea gero. Jai eguna luzea izango zen.
13:30ean sartu ziren herrigunera, pandero eta trikiti doinuek lagunduta. Probalekuan egin zuten saioa. Hiru pieza jo zituzten, eta abestu, giro ederrean.
Azoka eremua ere bertan zegoen, eta batek baino gehiagok aprobetxatu zuen zer edo zer eskuratzeko: panderoek arrakasta eduki zuten, horrelako egun batean beste eratara ezin izan zitekeen moduan. Edozelan ere, musika ziurtatuta zegoen. Batean eta bestean, albokari putz egiten ziotenak ikus zitezkeen.
Frontoia izan zen topaketen hurrengo jomuga. Hantxe, frontoiko agertokira igota, hiru bertso bota zituzten Fredi eta Xabi Paya bertsolariek. Haiek ere ez zuten nahi izan esku hutsik etorri, eta aitortu zutenez, txirula klasikoa ¬Fredik¬ eta panderoa ¬Xabik¬ ekarri zituzten eurekin. «Horrelako jaira ezin ginen armarik barik etorri», aitortu zuten, barrezka.
Frontoiko saioak bazkalostean
14:00ak jota, bazkaltzeko mahaiak atontzen hasita zeuden. Indiarrak prest egoteko gutxi geratzen zen. Eta gauzak horrela, bazkari aurrerako iragarritako agerraldi batzuk atzeratzea erabaki zuten. Horrela, bazkalostean igo ziren, taldeetan banatuta, albokaririk gehienak agertokira, 200 lagun aurrean.
Eta eguerdi partean egin legez, arratsaldean berriro hartu zuten frontoia Payatarren bertsoek. Eta albokek. Hangoek eta hemengoek.
############
Ikasitakoa, lau haizetara!
Gizaburuagako Musika Eskolako ikasleek estreinako jo dute albokari topaketetan: «gustura» zebiltzan, piezarik pieza.
Hiru urteko ikasgaiak aireratu zituzten atzo Iker Etxebarria lekeitiarrak eta Nagore Alegria ondarrutarrak frontoiko agertokian.
Albokak eskuan, saioaren aurretik «pozik» zeuden Euskal Herriko Albokari Topaketak berton egiten zirelako. Eta jendearen aurrean jo behar zutela jakinda, bakoi- tzak bere erara zeroan gaia. Hartara, Etxebarria Alegria baino urduriago zegoen, «ohitura kontuak direla eta».
Eguenero hitzordua
Astero entsegatzen dute, eguenetan, Gizaburuagako Musika Eskolan, Amaia Fuentes irakasle dutela. Hasi Ondarroan hasi ziren orain dela hiru urte, batera, albokaren soinuak erakarrita. Haren sekretuak ezagutu nahi zituzten.
Lehenengo urte bietan arnasketari dagozkion kontuak ikasita, azkenengo ikasturtean jauzi nabarmena eman dute biek. Hori pentsatzen dute eurek. Eta ez eurek bakarrik, baita beraien irakasleak ere. «Asko, asko, asko hobetu dute, batez ere azkenengo urtean», zioen Fuentesek atzo probalekuan egindako emanaldiaren ostean.
Aurrerapen hori guztia atzean ezkutatuta dauden entseguen «errua» da, zelan ez. Ordu eta erdi inguru ibiltzen dira astea joan eta astea etorri, nota tartean. Ikasteaz batera, berriketarako tartea ere hartzen dutela aitortu dute.
############
© 11barri S.L. - Xemein etorbidea 19, 48270 - MARKINA-XEMEIN - Tel.: 946168202
Faxa: 946168219 - E-posta: info@11barri.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
11barri S.L.ko kideak:
Bertako Hedabideak (EKT)
eta 11barri S.L.: 63 gizarte eragile.